Ekintzak
Gure urteroko ekintzak Urte Berri egunean hasten dira, Urkiolagirrera igoaz.
Goizeko 11etan gailurrean egiten dugun argazkia ohitura bihurtu da. Elkarteak,
jeitsitakoan, partaide guztientzako salda bero goxoa eskainiko du Urkiolan.
Nahiz eta Urte Berria egun berezia izan, 300 lagunetik gora biltzen gara.
Urteko egutegiaren barruan, ahalik
eta bazkide kopuru handiena biltzeko ekintzak burutzen ditugu. Horrexegatik,
ekintzak askotarikoak izaten dira. Bazkide ez direnek ere parte har dezakete,
nahiz eta ordaindu beharreko ekintzetan, zertxobait gehiago ordaindu behar duten.
Kasu batzuetan, gainera, bazkide direnek lehentasuna izango dute.
Ekintzok honela sailka ditzakegu:
Ohikoak.
Ez dira aldatzen eta mota guztietako jendeari zuzenduta daude. Honako hauek
dira: Urte Berri, Txitxiburduntzi, Besaide eta Elkartearen eguna eta urteko
azkeneko igoera, Turroi eguna. Egun honetan partaideek elkarteak eskainitako
turroi goxoa dastatzeko aukera izaten dute.
- Mendi-ibilaldiak. Iraupen erdi-luzeko ibilaldiak dira, gailurrik
gabekoak eta egun batean edo asteburu osoan egitekoak. Durangoko Udalarekin elkarlanean,
Mugarri Eguna ospatuko dugu urtero, hiri-ingurua ezagutzera emateko.
- Ibilaldiak Durangaldetik. Durangaldea hobeto ezagutzeko asmotan,
gure eskualdeko gailurretara igoko gara. Mota guztietako jendeari
zuzendutako ekintzak izango dira. Udaberri eta uda sasoian egiten dugu,
larunbat goizetan.
- Mendi ertaina. Lau eta sei ordu bitarteko ibilbideak dira. Mendira
goazenean egiten dugun ohiko ibilaldia da. Posible denetan, ibilbide bat
baino gehiago eskaintzen dugu. Igandeetan izaten dira eta iluntzeko 8ak
aldera Durangon izaten gara bueltan.
- Goi mendia. Larunbata ondo aprobetxatzeko asmoz, goizean goiz
irteten gara. Gaua mendiko aterpetxeren batean igarotzen eta igandean beste
ibilaldi bat egiten dugu. Prestaketa handiagoa eskatzen du eta urte
sasoiaren arabera, izotza, elurra, etab. aurki ditzakegu. Horregatik
partehartzaileei garaiz jakinarazten zaie. Gaua aterpetxeren batean pasako
bagenu, elkartea bera arduratuko litzateke guztia antolatzeaz.
- Eskia. Asteburuetako ekintzak izaten dira. Ostiral arratsaldean
irteten gara, larunbat eta igandea aprobetxatzeko. Ostatua aurkitzeaz
elkartzea arduratzen da. Irteerak, normalean, Candanchura egiten ditugun
arren, Formigal eta Baqueirara ere joaten gara.
- Eskalada. Asteburuetako ekintza da eta normalean bakoitza bere
autoan doa. Hala ere, beste ekintzaren batekin batera antolatzen badugu,
autobusez joaten gara.
- Ikastaroak. Ez dute data zehatzik, burutu baino lehen ematen da
abisua. Normalean, mendi eskia, iraupen eskia, orientabidea, eskalada eta
argazkigintza arloko gaiak izaten dira.
- Diapositiba emanaldiak. Ez dute data zehatzik. Aldez aurretik
abisatzen dira.
- Elkarte artekoak. Bai gure bazkideentzat zein beste elkarte
batzuetako mendizaleentzat antolatzen dira. Informazioa Federazioko beste
elkarte guztiei bidaltzen zaie eta parte hartzeko derrigorrezkoa da
federatuta egotea. Ekintzak ondokoak dira:
Durangaldeko
gailurrak. Urriaren lehenengo igandean izaten da. Gure elkarteak
antolatzen duen gizarte-ekintza zaharrena da. 30 alditan baino
gehiagotan antolatu dugu. Durango inguruan egiten den martxa da. Erdi
eta goi-mendian aritzen diren mendizaleentzat aproposa.
- Eski ibilbideak. Urtero antolatzen da Pirinioetan.
Federazioaren egutegian agertzen da.
- Iraupen Luzeko Martxa Durangaldetik. Durangalde inguruan izaten
da urtero. Gutxienez 56 kilometroko ibilbidea izan beharko du eta 2600
metrotik gora dauden mendietara igotzen gara.
Informazio gehiagorako urteko ekintzen
egutegia ikusi
Argazkiak: G. Kortazar, A. Diez
|